SARA ZOZAYA
SARA ZOZAYA
Urtarrilak 31

Soinuek ere paisaiak sortu ditzakete. Progresio bukaezin baten barruan sartuko gara. Ahots batek zeharkatzen gaitu bapatean eta hara non, beste mundu batean gaudela dirudi. Hau da ‘atta’, Sara Zozaya-ren lan berria. Bide berri baten hasieran gaude. Aterpe emozionala da hau, bukaera emateko izan zenari eta tokia uzteko datorren ezezagun horri. Kapak kendu eta gutxi-rekin ondo sentitzera dator artista donostiarra. Minimal eta argi. Esentziara buelta bakarlari moduan egitea ez da nahigabeko hautua izan. Beti ere ongi inguratuta, hori bai. Ke Lepo izan da ekoizle EP berri honetan eta lagundu dio proiektuaren norabideari kolorea ematen: hotz baina eder, gau bukaezin batean, argia. Lan berri hau Aloud Music-en babesean dator, besteak beste, Marina Herlop eta Viva Belgrado bezelako artisten etxe izan den zigilua. Euskal Herrian musikari ezaguna da Sara Zozaya. Ekosisteman parte hartu du modu anitzetan eta horren islada dira Benito Lertxundi-rekin duen kolaborazioa edota Rafa Berrio-ren ondoan egin izana bide-aren zati bat. 2018an atera zuen lehen EP-a eta hortik aurrera bide oparoa izan du, azkena, ‘Nara’ izeneko LP-a izanik. Primavera Sound edota Eufonic bezelako jaialdietan parte hartu du. Orain ere, Sarak eraldaketa dakar. Bere momentu pertsonala egiten duen musikan islatu egiten du eta horrek ez du amaiera.